Vous êtes ici

Tolosa inguruan bizikletaz egiteko 8 ibilbide

17/09/2020 |

Post honetan, Tolosa eta inguruak pedal-kolpez ezagutzeko 8 ibilbide eskaintzen dizkizugu: gure landa-auzoak, gure inguruko natura eta inguruko herri asko ikusiko dituzu. Tolosaldea, Gipuzkoa eta Nafarroarekin maiteminduko zara!

Baina oraingoan ez da oinez izango, Tolosaldean mendiko ibilbideez gain ere gauza gehiago egin daitezkeelako: bizikleta-zaletasuna gero eta handiagoa da gainera zonalde honetan. 

Ibilbide zirkularrak proposatzen ditugu, bai mendiko bizikletentzako ibilaldiak nahiago dituztenentzat, bai errepide-ibilbideak gustokoago dituztenentzat ere: maila, luzera eta desnibel ezberdinetarikoak; familiarekin edo zure lagun-taldearekin egiteko. Guztiek helburu bera dute: pedalei eragitea eta naturak eskainitako edertasunaz gozatzea errepide edo pista ezberdinetatik. Gipuzkoako kostalderaino irits zaitezke, Tolosako landa-auzoak bisitatuz edo Nafarroako herrixkak ezagutuz. 

Ruta circular Tolosa bicicleta ciclismo

Proposatzen ditugun ibilbide guztiek badute beste berdintasun bat: Tolosan hasi eta amaitzen dira. Honen arrazoia, ez dagoela Tolosa baino leku aproposagorik gosari on batekin indarrak hartzeko edo bizikleta aparkatu ondoren pintxo-ibilaldi bat egiteko. Horretarako, tolosarren iritzia kontuan hartuta osatutako Tolosako pintxo onenen zerrenda daukazu esteka honetan, baita bisita gidatu birtuala ere, Tolosa sakonago ezagutzeko. 

Mapa bat sortu dugu, eta bertan aurkituko dituzu Tolosaldeko jendeak bizikletaz ibiltzeko gehien erabiltzen dituen 8 ibilbide zirkularrak. Bertatik nabigatu ahal izango duzu: aukeratu ezkerreko aldean zein ibilbide ikusi nahi duzun eta mugitu mapan zehar!

Mendiko bizikletaz egiteko:
 
1. Tolosa - Zazpi bideak - Leaburu - Elduain - Berrobi - Ibarra - Tolosa 
(21,5 km / 775m+)
Ibilbide honek Tolosako San Blas auzoa zeharkatzen du, eta bidegurutze bitxi batera eramango zaitu: izenak dioen bezelaxe, 7 bide aurkituko dituzu. Lasai, ez du galerarik! Leaburutik Elduainera iritsiko zara (ibilbide honetako punturik altuena), eta, ondoren, Ibarratik Tolosaraino jaitsi.
 
2. Tolosa - Aldaba Txiki - Intxurre - Bidani - Urkizu - Tolosa
(32,5km / 1160m+)
Tolosako auzo berezienetako bi zeharkatuko dituzu (Aldaba Txiki eta Urkizu), Hernio mendiaren azpian dagoen Gipuzkoako punturik altuenetik (Bidania) igarota
 
3. Tolosa - Gaztelu - Uli - Berastegi - Tolosa
(35km / 975m+)
Gipuzkoa barnealdea ezagutzeko aukera paregabea. Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugaraino iritsiko zara, Ulitik igo eta Berastegira jaitsiko zara, eta, ondoren, Elduain, Eldua, Berrobi, Belauntza eta Ibarratik igaroko zara.
 
4. Tolosa - Bedaio - Azkarate - Orexa - Gaztelu - Tolosa
(55,5km / 1282m+)
Bedaio Tolosako auzo bat da, mapari begira hala ez badirudi ere: Tolosaren erdigunetik 17 kilometrora dago. Bidean zoazela errepidea nola amaitzen den ikusiko duzu. Ezin hobea da zikloturistentzat, ia ez baitago autorik! Ondoren, pista batetik barrena iritsiko zara Nafarroara, burua altxa eta Balerdi eta Malloen ikuspegi ikusgarriekin, Azkarateraino, eta gero Orexara iristen da baso bakarti batzuk zeharkatuz. Tolosaldea osatzen duten 28 udalerrietatik txikienetakoa da (100 biztanle baino gutxiago ditu) eta hortik Gazteluraino baso pista bat hartuko da. 
 
Errepideko bizikletaz egiteko:
 
5. Tolosa - Beizama - Mandubi - Beasain - Tolosa
(59km / 1100m+)
Urrakiko portua zeharkatuko duzu Azpeitira jaitsi, eta gero, Beizamara iristeko. Ondoren, Beasainerako bidea hartuko da Mandubiarako igoeratik igaro ostean. Ibilbide gogorra da, baina merezi duena.
 
6. Tolosa - Betelu - Lekunberri - Uitzi - Leitza - Berastegi - Tolosa
(65km / 1200m+)
Ibilbide honek Nafarroako hainbat herri ezagutzeko aukera ematen dizu, Azpirozko mendatea igota. Ondoren, errepide batetik jaisten da (baserri politak ikusiko dituzu bi aldetara!) Berastegitik Tolosara.   
 
7. Tolosa - Beasain - Mandubi - Zestoa - Zarautz - Asteasu - Tolosa
(105km / 2040m+)
Mendiz inguratuta egotetik itsasoa bisitatzera: Gipuzkoak duen xarma ibilbide berean bilduta. Mandubi eta Andazarrate portuak lotuz kostako airea arnasteko aukera polita.
 
8. Tolosa - Ataun - Lakuntza - Uharte Arakil - San Miguel de Aralar - Tolosa
(108,85km / 1490m+)
Goierrin sartuko gara Ataun (Gipuzkoako herririk luzeena) zeharkatzeko, eta, hala, Lizarrustiko mendate gaina igarotzen dugun bitartean, Nafarroan sartuko gara. Sakanara iritsiko gara, Aralarko San Migeleko pistako igoera gogorrera. Ondoren, Lekunberriraino jaisteko momentua izango da. Etxera iristeko azken indarrak biltzea gelditzen zaigu! 
 
Ibilbide gehiago ezagutzen dituzu? @tolosaturismoa.