Ezin delako “nahi dena une oro” eduki, eta produktu aukera zabala badago ere, sasoiaren eta eguraldiaren araberako izango delako urteroko uzta. Tolosako merkatu tradizionala aspaldidanik egiten da, eta, horrenbestez, Euskadiko zaharrenetako eta ezagunenetako bat da. Merkatua hiru plazetan banatzen da, eta bertako produktua egoten da salgai.
Larunbatero-larunbatero, oso goiz hasten dira merkatu tradizionala prestatzen, egun argitan zein ilunpetan, hotz edo bero egiten duen erreparatu gabe. Baserritarrak, pixkanaka, Alde Zaharreko hiru plaza garrantzitsuenetara (Zerkausia, Berdura Plaza eta Euskal Herria Plaza) heltzen doaz, elkarri agurtu eta salmahaiak beren produktu freskoekin betetzen. Laster, jende ugari bilduko da. Tolosarrek sekula ez dute hitzordura huts egiten eta aldamenetako herrietatik ere jende asko etortzen da.
Tolosako Zerkausian, 60 salmahai baino gehiagotan, inguruko baserrietako produktu freskoak saltzen dira. Sasoiaren araberako barazkiak, frutak, arrautzak eta ogia kasu. Hantxe aurkituko dituzu, beste inon baino lehen, sasoiko lehenbiziko perretxikoak, tomateak, piperrak eta babarrunak; eta baserritarrarekin zuzenean hitz egin dezakezu. Badago ezer xarmagarriagorik? Salmahai horietako batzuk ekologikoak dira gainera.
Larunbatero, Berdura Plaza mitikoan, Tolosako Alde Zaharraren erdigunean eta eraikin enblematikoz inguratuta, lore eta landare azoka egiten da. Etxeko balkoiak eta gelak kolorez eta usainez janzteko petuniak, krabelinak, geranioak, alegriak…eta baita espeziak ere, albaka eta erromeroa kasu. Adituen aholkuei jarraikiz, landare ezberdinen haziak ere topa ditzakezu, baratze txiki batekin hastea gustatuko balitzaizu.
Merkaturik desberdinena Euskal Herria Plazan egiten da. Hamarkadatan zehar, Frantziatik, Gaztelatik edo Nafarroatik etorritako jendea biltzen zen bertan, horregatik ematen zaio hainbesterainoko garrantzia salerosketari. Plaza honetan, sasoiko frutak eta barazkiak, ozpinetakoa eta era guztietako ehunak topa ditzakezu.
Tolosako merkatu tradizionala barrutik ezagutu nahi duenak, larunbatero bisita gidatua egiteko aukera du, 11:00etan. Euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez egin daiteke, 3€-ko prezioaren truke (prezio murriztuak ere badaude). Bisita gidatuari buruzko informazioa, hemen klik eginda.
Kuriositate moduan, Zerkausiko merkatu tradizionalaren 360º-ko bisita birtuala egin daiteke, hemen klik eginda.
Osasuna. Lurra. Natura. Gertutasuna. Jatorria. Tradizioa. Kalitatea. Nortasuna. Jasangarritasuna. Benetakotasuna. Balioak. Tolosa bizitzeak merezi du: Zatoz Tolosako merkatura! Gainera, eguneko plana osatze aldera, beti daukazu aukera pintxo batzuk dastatzeko, TOPIC museoa bisitatzeko (Nazioarteko Txotxongilo Zentroa) eta baita erosketak eta turismo pixka bat egiteko ere. Astebururako plan proposamen bat irakurri dezakezu artikulu honetan.