Vous êtes ici

Tolosako Iñauteriak bizitzera bazatoz aurrez jakin behar dituzunak

19/02/2020 |

Tolosara iritsi bezain pronto festaz goza dezazun, gomendiorik garrantzitsuenak bildu ditugu: aparkalekuak, ordutegiak, jatetxeak…


Noiz ospatzen dira Tolosako Iñauteriak?

2022. urteko Tolosako Iñauteriak otsailaren 24tik martxoaren 1era ospatuko dira. Txupinazoa 12:00etan izaten da, Ostegun Gizen egunean, hilaren 24an. Mozorro eta karrozen azken eguna martxoaren 1a da.

 

Nola iritsi Tolosara garraio publikoa erabiliz?

Tren edo autobus ordutegi bereziak izaten dira Tolosako Iñauteriak bizitzera datozenentzat. Egunean zehar zerbitzuak indartzen dira, eta zenbait egunetan gauetan ere autobus eta tren bereziak daude.

  • Inauterietako autobus ordutegi bereziak:

Tolosaldeko zenbait herri zeharkatzen dituen Tolosaldea Bus konpainiak ere gaueko autobus bereziak jarriko ditu hiru lineatan, Abaltzisketa, Berastegi eta Asteasu helmuga dituztenetan. Hona hemen ordutegiak. Geltokiak erdigunean bertan daude.

Gipuzkoako beste herri batzutatik datozen autobus zerbitzuek ere aldaketak izaten dituzte ordutegi eta geltokiari dagokionez. Horien artean, Tolosa eta Donostia lotzen dituen TSST autobus zerbitzuak. Irura, Villabona, Andoain, Lasarte, Zubieta, Aginaga, Ospitaleak, Unibertsitateak, Antiguo eta Amara lotzen ditu linea honek. 

Ibilbide luzeko autobus batzuk ere geldialdia egiten dute Tolosan: Iruñea-Tolosa, Bilbo-Tolosa, Valentzia-Tolosa, Bartzelona-Tolosa, Madril-Tolosa edo Vigo-Tolosa.

Begiratu ondo zein egun eta ordutan zatozen, baliteke-eta autobus geltokia lekuz aldatuta izatea: Rondilla kalean beharrean, Iñauterietan Santa Klara ermitaren alboko geralekuan hartu behar da autobusa.

  • Inauterietako tren ordutegi bereziak:

Tolosak Renfe-ko bi tren geltoki ditu, eta Brinkola-Irun lineako aldirietako eta distantzia ertaineko trenek egiten dute geldialdia bertan. Aldirietako trenen kasuan, gaueko trenak jartzen dituzte, Donostia eta Zumarraga aldera doazenak. Ikusi hemen ordutegiak.

 

Non aparkatu Tolosan?

Tolosak bost aparkaleku ditu, horietako hiru doakoak, erdigunetik 5-10 minutura oinez. Hain zuzen, erdigunea trafikoari itxita egoten da Iñauterietan. Ordainpeko bi aparkaleku ere baude: Beotibar Frontoiaren azpian eta Lapurdi Plazan. 

Autokarabana, furgoneta eta camper gisako ibilgailuentzat aparkalekua ere badago Tolosan: San Esteban auzoan, zentrotik 5 minutura.

Non jan Tolosan?

Tolosako Iñauteriak mahai inguruaren bueltan ere bizitzen dira: indarrak hartzea funtsezkoa baita irauteko. Hori bai, eserita jan nahi baduzu, erreserba garaiz egitea komeni da. Tolosa Gourmet klubeko kide diren jatetxe eta tabernak aproposak dira horretarako: Orbela Taberna, Ama Taberna, Beti-Alai jatetxea, Botarri jatetxea… 

Erretegiak ere aukera ona dira: Casa Julián, Casa Nicolás eta Burruntzi, esaterako. Sagardotegiak ere badira Tolosan: Isastegi eta Eguzkitza. Sagardotegi denboraldi bete-betean dira iñauterietan, gainera. 

Gosaltzeko, artisauak diren bertako lau gozotegi daude: Eceiza, Rafa Gorrotxategi, Gozona-Ibañez eta Saizar.

 

Non ikusi karrozak?

Karroza eta konpartsak igandean, astelehenean eta asteartean ateratzen dira kalera, 11:00etatik aurrera. Emanaldi gehienak 23:00ak arte egiten dituzte.

San Frantzisko pasealekuan izaten dira. Karroza bakoitzak bere postu egonkorra du. Hortaz, parodia eta dantza guztiak ikusteko, onena da San Frantzisko Paselakuaren eta Geltoki kalearen arteko puntutik abiatu, eta Alde Zahar aldera joatea.

 

Zeintzuk dira ordutegi garrantzitsuenak?

Tolosako Iñauterietako egitarauan ez dituzu topatuko ordutegi guzti-guztiak, baina ziur interesatuko zaizkizula ezinbesteko hauek jakitea:

  • Txupinazoa: osteguna, 12:00etan udaletxean
  • Karroza eta konpartsak: igandetik asteartera, 09:00-23:00.
  • Zezenetako igoerak: 16:00etan, udaletxetik zezen plazara.
  • Zezenetako jaitsierak: 18:30etik aurrera, zezen plazatik Berdura plazara.
  • Pattar Zezena: txarangen igoera 07:30etik aurrera, Alborada bukatu ondoren.
  • Noiz ixten dituzte tabernan Tolosako Iñauterietan: 05:00.

Erreparatu egunari, egunero ez baita mozorrotzen Tolosako Iñauterietan. Honako artikulu honetan azaldu ditugu Iñauterien unerik garrantzitsuenak.