Vous êtes ici

Sua, txingarrak eta txuletoia. Tolosa, parrilaren hiriburua.

20/08/2019 |

Gastronomia da Tolosa bisitatzeko arrazoietako bat. Tokiko produktuak herriaren nortasun-ikur dira: babarrunak, gozokiak, piparrak, gazta, sagardoa… eta larunbateroko azoka tradizionalean aurki daitezkeen beste hainbat jaki gozo. Horretaz gain, mahaiaren inguruan esperientzia gastronomikoak bizitzeko lekua ere bada Tolosa, bertako erretegi famatuetan, esaterako.

Txuleta Tolosa Asador

Tolosako erretegiak tradizio handikoak dira. Eta, jakina, txuletak garrantzi handia dauka. Izan ere, gure hiribildua parrilaren tradizioarekin lotuta egon da beti. Tolosako erretegietan zerbitzatu omen ziren lehenbizikoz parrilan egindako idi-txuletoiak; tolosar parrilak aitzindari izan ziren berrikuntza horretan. Gaur egun, mundu osoan erabiltzen da teknika hori.

60ko hamarkadan, txahal-haragia idi-haragiarekin ordeztu zen, eta horrenbesteko arrakasta izan zuen, ezen plater kutun bilakatu zen. Baina txahal-txuletak ere erabiltzen dira, eta, gaur egun, behi helduena batez ere. Urte osoan zehar, milaka bisitari heltzen dira munduko hainbat lekutatik, Txuleta Menua dastatzeko soil-soilik. Eta probatzen dutenek errepikatzen dute.

Inoiz probatuko duzun txuleta onenetako bat parrilan erretzen ikustea esperientzia aparta da. Batzuek txingarrak maneiatzen dituztenei aholku eskatzen diete, etxean ere horrela prestatzeko. Baina kontatuko diete gure parrila-sukaldariek haien txuleten sekretua?

Agian, sekretua da sukaldariek abeltzainak ezagutzen dituztela eta baita haien abereak ere. Baliteke sekretua izatea denbora ongi neurtzea, haragia erdi-eginda gera dadin gordinegi egon gabe. Agian, gatz-puntua da. Baliteke haragia mozteko modua izatea. Agian, txingarrak kontrolatzen jakitea da kontua. Edo baliteke belaunaldiz belaunaldi transmititutako zerbait ukiezina izatea. Batek daki.

Argi dago Tolosan eztabaidaezinak direla suarekiko, txingarrekiko eta parrilarekiko tradizioa eta sentimendua: “arrazoi sendoa daukat hemen egoteko, txingarrekin jarraitzea nahi dutela, alegia”. Sentimendua bizitzeko, bideo hau ikustea gomendatzen dizuegu:

Urte askotan, Txuletaren Festa antolatu izan da Tolosan, eta, bertan, produktu bikain hori eta tolosar erretegietako maisuen lana erakusten ziren. Euskal sukaldari askoren nortasun-seinale izan diren sukaldaritza-teknika jorratzen genuen: haragia heltzeko modua, ezaugarriak… Baina, batez ere, jan egiten genuen.

Orain, festa hori HARAGI bilakatu da, haragiaren eta txingarren inguruko topaketa internazionala. Hala, mundura ireki da, eta nazioarteko profesionalak ere gonbidatzen dira. Bi urtez antolatu da topaketa jada, eta aurrerantzean ere, gastronomiaren, haragiaren eta txingarren mundu zoragarriaren onena eskaintzen jarraituko dugu. Hemen, jaialdiaren azken edizioaren laburpena ikus daiteke.

Tolosako erretegiak eta harremanetarako datuak:

ASADOR BURRUNTZI:

San Francisco, nº3.

Tel. 943 65 05 59

 

CASA JULIÁN:

Sta. Clara, nº6.

Tel. 943 67 14 17

 

CASA NICOLÁS:

Avda. Zumalakarregi, nº7.

Tel. 943 65 47 59

 

ASADOR BOTARRI:

Oria, nº2.

Tel. 943 65 49 21